2013eko ekainak 19

Xabier Mikel Errekondo: “Oraindik moratoria indarrean jar daiteke.”

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Garapen Iraunkorreko Batzordean bere herriko Atez Ateko esperientziaren kontakizuna eta balorazioa egiten izan da gaur Xabier Mikel Errekondo, Usurbilgo alkatea. Bertan, Aralar, Ezker Batua, H1!, PP, EAJ eta PSEko ordezkarien aurrean, bere herriko hondakinen bilketari buruzko xehetasunak eman ditu.

Errekondo gustura agertu da hasieratik Udalak eta herritarrek egindako lanarekin “arazo larri bati konponbidea eman diogulako”. Legegintzaldiaren hasieran, gobernu berria hondakinen kudeaketarekin zegoen arazoarekin topatu zela azaldu du: “Herritarren osasunean eta ingurumenean eragina duenez, arazoa alderdi politiko, eragile eta herritarrena da eta guztioi dagokigu konponbidea lortzea.”

Birziklatze mailak iraultzen zituen sistema bakarra Atez Ateko bilketa zela ikusi zutenean, parte hartze prozesu bat abiarazi zutela zehaztu du, eta 2009ko martxoaren 16an, ezarpena egindakoan, lehen hilabetetik ikusi zituztela emaitzak: zabortegira 175.000 kilo eramatetik 25.000 kilo eramatera gutxitu zen errefusa. Hori bakarrik ez, hilabeteak pasa ahala, %86ra ere heldu dira gaikako bilketan. Hilabetean 90 tona organiko jasotzera heldu direla azpimarratu du eta organiko horren kalitatea %99,76koa dela.

Bosgarren edukiontziaren datuak, Usurbilgoen aldean, lotsagarriak direla esan du. Zarautzek, adibidez, 22.500 biztanlerekin, 11 tona inguru jasotzen baititu. Usurbilek, pasa den otsailetik, industriagunetan eta merkatalgunetan ere atez ate jasotzen duela ikusirik eta Hernanik bilketa sistema berarekin lortutako datuak ezagututa Atez Atekoa Gipuzkoa osora ez zabaltzeko aitzakiarik ere ez dagoela uste du.

Alkateak bisitetan, hitzaldietan eta Usurbilgo Itunaren bidez jasotako babesa eskertu du, halaber, “harrituta” agertu da, Foru Aldundiko arduradunen jarrerarekin: “urte eta erdi luze honetan Europan zehar erraustegien esperientzia ezberdinak bisitatzeko arazorik ez duten bitartean, 10 minutura duten Euskal Herriko hiri hondakinak biltzeko sistema aitzindariena ikusteko ez dute borondaterik erakutsi”. Horri gehituz, gogoratu du, 2008ko maiatzean, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, atez ate biltzeko sistema ezarri eta pixkanaka hedatu ote daitekeen ikusteko saiakuntzak egitearen alde agertu zen arren, trabak besterik ez dituela jarri.

Balore borroka: "hondakinak erre ala birziklatu, herritarrengan konfidantza ala teknologia kutsagarriengan"

Azken finean, Errekondoren ustetan, balore borroka bat dago honen atzean: “hondakinak erre ala birziklatu, herritarrengan konfidantza izan ala teknologia kutsagarriengan.” Errekondok, Europako Batasunak hondakinak kudeatzeko ezarritako hierarkiari kasurik ez egitea leporatu die Batzar Nagusiei, honek errausketa azken aurreko aukera bezala aurkeztu eta, hala eta guztiz ere, “aurreko pausuetan -murrizpena, berrerabilpena, birziklapena- indarrik egin gabe, zuzenean errauste politikak abian jartzeko asmoa dutelako”. Erraustegiak inguruko jendearen osasuna arriskuan jarriko duela ziur da Usurbilgo alkatea. Era berean, ingurumenean eta inguruneko jarduera nagusietan erasango duela erakusteko, Greenpeaceren txostenak erakutsi ditu.

Gipuzkoa Sarean inkestaren arabera, gipuzkoarren %44k ez duela Diputazioarengan konfidantzarik esan du. Eta balore eta jarreretan aldaketa eskatzen dietela herritarrek. “Birziklatzeko eskatzen dizuete, baina ez hondakinen kudeaketan bakarrik. Gipuzkoa Europako eta munduko herri aurreratuenen artean jar dezakegu. Baina horretarako ez dugu teknologia garesti toxiko bat behar. Horretarako konfidantza, elkarlaguntza, pedagogia, demokrazia eta herritarrak, batez ere herritarrak behar ditugu.”

Usurbilgo Itunean esandakoaren amaitu du bere agerraldia Errekondok. Oraindik sei urteko moratoria indarrean jar daitekeela gogoraraziz eta alternatibak badaudenez, praktikan jartzeko eskatuz.

Zentzu horretan, prest agertu da, kolore politikoen gainetik, alderdi eta erakunde ezberdinekin elkarlanean aritzeko.



USURBILGO UDALA | Joxe Martin Sagardia plaza, z/g | Tel.:943371951 | e-maila | web mapa